Zein izan da, Asier, inoiz igo duzun mendirik gogorrena?
Erantzun zaileko galdera da hori. Beharbada bereziki gogoan dut Dhaulagiri, Himalayan. 8.164 metroko altuera du. Uste baino gogorragoa eta luzeagoa egin zitzaigun igoera. Gainera, haizea 40 kilometro orduko baino azkarragoa zen; asko jotzen zuen. Beldurra ere pasatu genuen gailurreko bidean, elurraren egoera txarra zelako.
Dhaulagiriko oinarrizko kanpamendua
|
Edurne Pasaban espedizio-buruarekin batera, Alex Chicon euskal herritarra, Ferran Latorre kataluniarra eta Ivan Vallejo ekuadortarra izan nituen soka-lagun espedizio hartan. Goizaldean abiatu ginen III. Kanpamentutik (tontorretik 800 metrora) eta 14:00etan iritsi ginen Dhaulagiriko gailurrera. Bertan denbora gutxi egin genuen, hotz handia zegoelako eta haizeak gogor jotzen zuelako. Jaitsi ondoren ere hotz handia pasatu genuen eta egindako esfortzuaren ondorioz neke-neke eginda geunden.
“Gure asmoa porteatzaileekin oinarrizko kanpamendura iristea zen, haientzat onura soziala suposatzen duelako”
|
“Elurrak eragindako egoerak tarteko, azkenean helikopteroan garraiatu behar izan genuen espedizioko material guztia”
|
Gailurrera igo baino lehen, oinarrizko kanpamendura iritsi behar da. Oinarrizko kanpamendura helikoptero bidez edo sherpa porteatzaileen bidez igo daiteke. Bi aukerek antzeko kostu ekonomikoa izan ohi dute. Edonola ere, nik nahiago dut porteatzaileekin egin. Alde batetik, haiekin trekkinga egiteak alturetan ohikoa den oxigeno gutxiko girora apurka-apurka egokitzen laguntzen duelako. Bestetik, nepaldar horientzat lan gogorra bada ere, diru sarrera handia ere badelako. Beraz, onura soziala ere hor da. Espedizio hartan hala hasi ginen, sherpekin, baina uste baino elur gehiago egin zuenez, oso zaila zen porteatzaileekin oinarrizko kanpamendura iristea. Gorabehera askoren ostean, helikopteroaren bidez eraman behar izan genituen espedizioarentzat beharrezkoak genituen janari, ekipamendu eta gainerako tresna guztiak. Beheko bideoak ondo jasotzen du bizi izan genuen egoera.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.