Orriak

Norvegia

Hemen dago lanaren eta familiaren arteko uztarketaren paradisua

Laguntza ekonomikoa eta soziala familiei. Inbertsioa da berdintasuna sustatzeko eta lana eta familia uztartzeko iparraldeko herrialdeek duten errezeta. Horrela lortu du Norvegiak emakumeko jaiotza-indizea 1,95 seme-alabara igotzea (Europako altuenetako bat). Eta horrekin batera, gero eta emakume gehiago daude lanaren merkatuan. 4,9 milioi biztanleko herrialde honetan, emakumeen % 80k etxetik kanpo lan egiten du. Beste datu bat: enpresa handietako administrazio kontseiluetako lanpostuen % 44 emakumeek betetzen dituzte. Legeen bitartez osatua izan da, hain zuzen ere, ehuneko hori kuoten lege eztabaidatu baten bitartez.

Hala eta guztiz ere, halakorik ez litzateke gertatuko –jakinarazi zuen Gizarteratze, Haurtzaro eta Berdintasun Ministerioaren zuzendari nagusi den Arni Holek–, baldin eta laguntzeko neurri sail bat onartu izan ez balitz. Koltxoi harro bat, eta, horren barruan, haurtzaindegi merkeak, seme-alabako laguntza ekonomikoa eta lanaldi malgu bat hautatzeko benetako aukera.

Estatuak 125 euro ematen ditu seme-alaba eta hilabeteko, 18 urte betetzen dituzten arte.

Kristin Storek 36 urte ditu eta sei hilabete baino ez dira lehenengo haurra izan zuela. Alaba guri bat, begi izugarri handi batzuen bitartez begiratzen duena. Diseinatzaile grafiko hori ama ezkongabea da, eta haurdun zegoela jakin zuenean ez zuen beste aukerarik kontuan hartu. "Ama izan nahi nuen. Bikote kontuak zirela-eta ez nuen lehenago eduki, baina ez nuen sekula lanaren eta familiaren arteko hautaketarik egin behar izan", kontatu du Osloko Udalaren aurrean dagoen eserleku batean. Are gehiago, bere enpresak ez du zigortu ama ezkongabea izateagatik, alderantziz: haurra eduki aurretik jakinarazi zioten bost laguneko talde baten buru izango zela.

Amatasun-baja luzearen ondoren itzuliko da Store lanpostu berrira. Bateratzearen alorreko beste politika aktiboetako bat: Norvegian, legeak 46 asteko baja ematen dio amari, % 100eko soldatarekin -edo 56 aste % 80koarekin-; gainera, 10 aste gordetzen ditu aitarentzat bakarrik. Uztailaz geroztik 12 astera luzatuko da epe hori.

Jaiotzagatiko baja hiru partetan banatzeko aukera aztertzen ari da gobernua: bat amarentzat, beste bat aitarentzat eta beste bat bietako edonork aukeratu ahal izateko. Gizonezkoek familiaren baitan duten parte-hartzea bultzatzeko sistema, Islandian dagoeneko martxan dena.

Alderdi Liberaleko parlamentari Kari Henriksen ere gainerako alderdi politikoek eta enpresarien konfederazioak babesten duten formula berri horren aldekoa da. Henriksenen ustez, gizarte batek aurrera egingo badu, bateratzearen alorrean inbertitu behar da, eta betekizun handiagoa eman behar zaie aitei seme-alaben zaintzan. Inbertsio hori, haren ustez, herrialdearen alde izango da. "Oro har, emakumeak dira orain lanaldi erdia hautatzea erabakitzen dutenak. Orekatu egin behar da ehuneko hori", dio.

"Neurriak aurrera eramateko beharrezkoa da ahalegina egitea, beti. Oraingo aitatasun-baimenen sistema sortu genuenean, traumatikoa izan zen sektore pribatuarentzat. Enpresaburu askok adierazi zuten ezingo ziotela bi hilabete eta erdiz gizonen lanari uko egin. Baina gaur egun erabateko normaltasunez onartzen da", dio Holek. Hala ere, berak ez du argi norvegiar errezetak mundu osoko desberdintasunak sendatzeko balioko ote duen. Ez da ahaztu behar iparraldeko herrialdea munduko aberatsenetako bat dela petrolioari eta mineralei esker. Baina zereginen banaketa bultzatzea baino gehiago ere badago. Garrantzizkoak dira, halaber, diru-laguntzak. Herrialde horretan 125 euroko diru-laguntza ematen zaie hilean seme-alabako familiei, harik eta haiek adinez nagusi diren arte.

##Laguntza horri erantsi behar zaio haurtzaindegi publiko eta diruz lagunduen programa zabal bat; era horretara, Gobernuak adingabeko guztiek plaza bat edukiko dutela bermatzen du. Haurra ez bada haurtzaindegira eraman nahi, familiek seme-alabako eta urteko 5.000 euroko laguntza bat dute (haurrek hiru urte bete arte), hau da era horretako zentro bateko plaza batek kostatuko lukeenaren baliokidea. Izan ere, gurasoek soldatarik gabeko hiru urteko baimena hartzeko eskubidea dute, beren seme-alabak zaintzeko. Edonola ere, emakumea amatasunaren ondoren lanera itzuli eta jaiotzagatiko baja berri bat eskatu bitartean, sei hilabeteko epea igaro behar da. Baina lana eta familia uztartzeko programa beste indize batzuetara ere iristen da. Norvegiar legeak sei hilabeteko baimen ordaindua ematen die gurasoei, baldin eta horietakoren bat ospitaleratuta badago. Gainera, denek dute urtean 20 eguneko baimena beren seme-alabak gaixotzen badira etxean gelditzeko.

El Pais, 2011ko apirila

Familia eta lana uztartzen

Familia eta lana uztartzeko norvegiar sistemak hara joateko gogoa ematen du. Herrialde hartako gobernuak proposatu zuen emakumeek leku handiagoa behar zutela lanaren eremuan, baina horrek ez ziela derrigorrean eragin behar beren karreraren eta familia osatzearen artean aukeratu behar izatea. Nola lortu zen hori Norvegian? Hona hemen hainbat datu interesgarri:


  • Norvegian emakumeko seme-alaben jaiotza-tasa 1.7tik 1.95era igotzea lortu zuten.
  • Jaiotzen igoera horrekin batera, gero eta leku handiagoa eman zaie emakumeei lanaren eremuan: emakumeen % 80k etxetik kanpo lan egiten du.
  • Kristin Storek 36 urte ditu, eta sei hilabete baino ez dira lehenengo alaba izan zuela. Diseinatzaile grafikoa da, eta bikoterik gabeko ama. Haurdun zegoela jakin zuenean, ez zuen beste aukeratan pentsatu. "Ama izan nahi nuen. Aurretik ez nuen seme-alabarik eduki bikote kontuak zirela eta, baina ez nuen inoiz ere lanaren eta familia bat edukitzearen artean aukeratu behar izan". Are gehiago, haurra eduki aurretik enpresan jakinarazi zioten bost pertsonako taldearen buru izango zela.
  • Norvegian legeak 46 asteko amatasun-baimena ematen dio amari (hau da, 10 hilabete!), soldataren % 100 kobratuta, edo 56 astekoa (13 hilabete), soldataren % 80arekin; gainera, 10 aste ematen dizkio aitari, eta baimen hori uztailaz geroztik 12 astera luzatzea pentsatzen ari da. Hori guztia ikusita, ezin dut burutik kendu Mexikon amari ematen zaion hilabete eta erdi kaskarra, eta aitei, berriz, egunen bat emango diete beharbada nagusiek, eskuzabalak badira.
  • Baina Norvegian amatasun- eta aitatasun-bajari dagokionez urrats bat harago egitea pentsatzen ari dira, eta amari baja-baimen bat ematea, aitari beste bat eta hirugarrena bietako batek hautatzeko gordetzea. Familiaren baitan gizonezkoek duten parte-hartzea sustatzea da azken batean dagoeneko Islandian martxan den sistemaren helburua. "Neurriak aurrera eramateko, ordea, beharrezkoa da ahalegina egitea. Oraingo aitatasun-baimenen sistema sortu genuenean, traumatikoa izan zen sektore pribatuarentzat. Enpresaburu askok adierazi zuten ezingo ziotela bi hilabete eta erdiz gizonen lanari uko egin. Baina gaur egun erabateko normaltasunez onartzen da", dio Holek. Hala ere, berak ez du argi norvegiar errezetak mundu osoko desberdintasunak sendatzeko balioko ote duen. Ez da ahaztu behar iparraldeko herrialdea munduko aberatsenetako bat dela, petrolioari eta mineralei esker. Mexiko ere munduko herrialde aberatsenetako bat da, baina Norvegian ez bezala, munduko biztanleria pobreenetako bat eta desberdintasun handieneko bat du. Mexiko oso aberatsa da baliabide naturalei dagokionez, eta bereziki petrolioari eta mineralei dagokionez. Bitxia bada ere, bat datoz horretan. Borondatea balego, aukera legoke gaur egungo errealitatea aldatzeko.
  • Norvegian 125 euroko diru-laguntza ematen zaie hilean familiei (2150 peso) seme-alabako, harik eta haiek adinez nagusi diren arte. Laguntza horrez gainera, haurtzaindegi subrogatuen programa zabal bat dago, eta horri esker gobernuak plaza bat bermatzen die adingabeko guztiei. Ez bada seme-alaba haurtzaindegira eraman nahi, familiak gehienera 5000 euroko laguntza bat du (85.000 peso baino pixka bat gehiago) seme-alabako eta urteko (hiru urte bete arte). Hori izango litzateke edozein haurtzaindegiko plaza baten kostua, eta zentroari ordaindu beharrean familiari ematen zaio zuzenean, gurasoetako batek seme-alabak zaintzen gelditu nahi badu etxean.
  • Baina beste eremu batzuetara ere iristen da sistema. Norvegiar legeak sei hilabeteko baimena ematen die gurasoei seme-alabatako bat ospitalean badago. Gainera, guraso guztiek dute, seme-alabatako bat gaixotzen bada, urtean 20 eguneko baimena etxean hura zaintzen gelditzeko.
  • Edonola ere, Norvegian ere zer zuzendu asko dago eremu horietan; ez bada ere herrialde ideala maila guztietan, gauzak hobeto egin litezkeela erakusten digu, eta orobat erakusten digu herrialdeek familietan, haurretan eta gurasoen eta seme-alaben arteko harremanetan egiten dituzten inbertsioen ondorioz herritar zoriontsuagoak izango dituela herrialde horrek eta gizarte emankorragoak sortuko direla, maila guztietan. Hori da herrialde batek benetan aurrera egiteko modua.


http://elbauldemicasa.blogspot.com.es/2011/05/esto-me-refiero-con-conciliar-lo.html

Adriana. Mexiko, 2011ko maiatza