Orriak

Karegintza

Karea antzinatik erabili izan dute zibilizazio anitzek. Izan ere, asko dira bere balioak, besteak beste, nekazaritzan, eraikuntzan edo gorpuak baltsamatzeko. Hori dela-eta, karea ekoiztea lanbidea izan da mende askotan zehar, baita Euskal Herrian ere.

Karegintzaren noizkotasuna

Karegintza antzina-antzinatik izan da ezaguna herrialde eta kultura askotan. Adibide gisa, aipa genezake egiptiarrek karea erabiltzen zutela gorpuak baltsamatzeko. Kultura mediterraniarretan ere aspalditik erabili da karez egindako mortairua hormak egiteko. Palestinako Beidha aztarnategia K.a. VIII. milurtekokoa da eta kare aztarnak aurkitu dira; badakigu VII. Milurtekoaz geroztik sistematikoki erabili zela Ekialde Hurbilean zoruak luzitzeko. Gero zeramikagintzarako ere baliatu ziren kareaz. Erromatar garaian, batik bat, zoruak eta hormak luzitzeko eta opuscaementicium izeneko mortairua egiteko erabili zen. Euskal Herriko erromatar garaiko eraikuntzetan kareorea erabili zen. Horren lekuko dugu K.o. I. mendekoa den Lodosako akueduktua.

Karegintza Euskal Herrian

Lodosako akueduktuaren lekukotasunak frogatzen duenez, karea, dagoeneko, erabiltzen zen K.o. I. mendean. Baina karegintza lanbidea noiz errotu zen Euskal Herrian? Zein egoeratan dago egun?

a) Lehen aztarnak 

Ataungo Udal Artxibategiko 1505eko idatzi batetan jasota dagoenez, Ataunen orain dela 500 urte bazen karegintza. Hori da Euskal Herriko karegintzaren inguruan dagoen aipamenik zaharrena.
Hurrengo data ziurra XVII. mendearen bukaerakoa da. Garai horretan artoaz gain, garia eta arbia ere eraiten ziren; urte batean gariaren uzta abuztu inguruan jasotzen bazen, hurrengo otsail-martxo aldean artoa ereiten zen. Tarte horretan, arbia ere har zitekeen, beti ere soroetako ongarria behar bestekoa baldin bazen. Horrela, uzta hauek guztiak hartu ahal izateko lurra ondo ongarritu behar izaten zen eta karea erabiltzen zen soroetako lurra samurtu, gozatu eta harrotzeko.

b) Gainbehera 

Karegintza ohikoa izan zen XX. mende hasiera arte, hala ere, ordutik aurrera gutxituz joan zen. Izan ere, 1936ko gudak baldintzaturik gari eta arto laborantza gutxitu egin zen eta larreak, aldiz, ugaldu. Horrekin batera, industrian lanegiteko aukera heldu zenean, baserrietan gero eta jende gutxiago geratu zen eta, horrela, karea egiteko lagunak geroago eta urriago ziren. Aldi berean, karea erosteko adina diru irabazten zuten inguruetako lantegietan.
Industrializazioa Euskal Herrian

Horrela, karegintzak etengabeko gainbehera izan zuen eta gaur egun zelai eta baso bazterretan harri pilo hondatuak baino ez dira geratzen.

Karegintza baserriari lotutako lanbidea

Karegintza lanbide zaharra eta jadanik galdua bada ere, garai batean urtean behin edo birritan egin beharreko zeregina izatenzen. Izan ere, baserrietan gauza askotarako erabiltzen zen karea, besteak beste, soroetako ongarri gisa, kortak desinfektatzeko, fruta-arboletatik zomorroak uxatzeko edo eskuetako zein oinetako babak sendatzeko. Hori dela-eta ia baserri guztiek izan zuten karobiren bat eta batzuek bi.

Kare-harria txikitu, karobira bota eta bertan erre egiten zen