Orriak

Laborarien ekimen berriak

Laborantza aldizkaria, ale berezia, 2015eko maiatza. 

Ale berezi honetan, abeltzainen arazoak eta herritarren nahiak eta beharrizanak kontutan hartuta, haien jarduerak egokitu dituzten Amaiurko hiru abeltzainen esperientziak ezagutuko ditugu.

Bittor Jauregi, Salaberriko Borda abeletxeko Euskal Txerri hazlea


Elkarrizketatzailea: 
Beraz, jarduera nagusia aldatu duzu. Behiak hazten zenituen, baina gaur egun eusko labeldun txerriak hazten dituzu...

Bittor Jauregi: 
Erabakia hartzea ez zen batere erraza izan, baina orain mozkin handiagoak lortzen ditut. Txerri-haztegi bat abiarazteko inbertsioa ez da hain handia, eta behar dituzun azpiegitura bakarrak tamaina ertaineko sail bat eta etxola bat dira. Egia da bezeroak aurkitzea ez dela erraza, baina ‘Euskal Txerria’ labela izanda, produktuak errazago saltzen ditut.

Elkarrizketatzailea:
Alabaina, eusko labeldun urdaiazpikoa arrunta baino hiru aldiz garestiagoa da ia...

Bittor Jauregi: 
Hala da, baina azkenean jendearentzat gero eta garrantzitsuagoa da produktu osasungarriak eta dasta onekoak jatea.

Elkarrizketatzailea: 
Beraz, bertako produktuez hornitzeaz gain, zer beste abantaila eskaintzen dizkiezu bezeroei?

Bittor Jauregi: 
Ba, alde batetik, euskal txerri tradizionalaren aldaera berreskuratzeko ahaleginean ari gara. Bestetik, ‘Euskal Txerria’ labela lortzeko gidalerro zorrotzak bete behar ditugu, hala nola txerriek jaten dutena, haztegi eremuaren neurriak, txerriak zer adin izan behar duen hil baino lehen, etab. Eta gidalerro zorrotz horiei esker, bezeroek gure produktuei buruzko informazio pila dute eskuragarri. Oso garrantzitsua da haientzat, gaur egun gehiago arduratzen baitira jaten dutenaz.


Junkal Urrutia, abeltzain eta turismora bideratutako landetxe baten arduraduna


Elkarrizketatzailea: 
Oso zaila da baserritar izanda bizibidea lortzea. Bat al zatoz horrekin?

Junkal: 
Zalantzarik gabe! Historikoki baserritarrek askotariko jarduerak egiten zituzten bizibidea lortzeko, esaterako, nekazaritza estentsiboa eta polilaborantza, abeltzaintza, sagardogintza... Baina duela hogei urte neuzkan mozkinak lortzeko orduan baino lau aldiz gehiago ekoitzi behar dut. Gure sailek ezin dute hainbeste ekoitzi, eta, hortaz, jarduera osagarriak egin behar ditugu familiari eta gurasoengandik jasotako baserriari eusteko. Kontu garrantzitsua da, gure landaguneen ondarea atxikitzen ari garelako.

Elkarrizketatzailea: 
Hortaz, lehen eta hirugarren sektoreko jarduerak konbinatzea erabaki zenuen.

Junkal: 
Bai. Bezeroei ingurune naturalean egun batzuk igarotzeko eta nekazaritzaz eta abeltzaintzaz gehiago jakiteko aukera eskaintzen diegu. Bezero gehienak hiri handietatik datoz eta asko gozatzen dute guk emandako zerbitzuaz.



Migel Jose Ariztia, behizainen kooperatibako kidea 


Elkarrizketatzailea: 
Behizainen kooperatiba bateko kide zara. Zer alde on ditu kooperatiba batean lan egiteak, zure kabuz aritzearekin alderatuta?

M. J. Ariztia: 
Esne-behiak hazteko jarduera baserri txikietan oinarrituta zegoen, baina Euskal Herria Europar Batasunean sartu zenean, esne kantitate handiak ekoizten dituzten enpresa handiek monopolizatu zuten jarduera. Abeltzain txikien kooperatiba batean sartu ezean, ia ezinezkoa da enpresa handi horiekin lehiatzea, haiek baitira esnearen prezioa ezartzen dutenak. Beraz, elkartu eta gai izan ginen bazkaren prezioa negoziatzeko edo makinerian inbertitzeko. Laburbilduz, gehiago ekoizteko eta hornitzaileekin negoziatzeko bide bakarra elkartzea eta elkarrekin lan egitea da.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.