Orriak

Neguko solstizioa

Sarrera

Neguko solstizioan egunak berriz hasten zirela ospatzen zen. Solstizio horretan egunak urteko laburrenak dira baina hemendik aurrera luzatzen joango dira horregatik jaia egiten zen. Sua ospakizun horren erdigunea zen. Urak protagonismo berezia zeukan baita ere. Ospakizun hauen inguruan euskal kulturan ohitura asko daude.

Errito batzuk milaka urte diraute landa inguruetan

Sinesmen, errito eta ohitura batzuk milaka urte dituzte eta urte gutxi arte bizirik iraun dute, landatarren inguruan batez ere. XXI. mende honetan, batzuk bizirik diraute eta hirietan indarra berreskuratu dituztenak ere badira, baina beste asko eta asko betirako desagertzen ari dira. Kulturak bizirik daude eta, naturala denez, belaunaldi bakoitzak bere ekarpenak egiten dio. Baina argi izan behar dugu galtzen diren elementu hauek ez direla inoiz bueltatuko.

Sua

Neguko solstizioa, udakoa bezalaxe, sutearen inguruan ospatzen zen. Eguzkiak natura berpizten duen moduan, suak ere, momentu berezi batzuetan, eguzkia, pertsonak eta anialiak berpizten ditu. Suteen helburua ez da bakarra edo berdina leku guztietan, baina adituen arabera indar magikoa bilatu ohi da, eguzkia bere bidea jarraitu dezala.

Horrela, herri gehienetan, esate baterako, Olentzero erretzen da, eta hori da, hain zuzen ere, gauza edo gertakari txarrekin bukatzeko eta nahia berriak eskatzeko momentua.

Aitzinean sutea baserrian egiten zen ere. Horretarako Gabona erabiltzen zen. Gabon deitzen zioten gau berezi horretan erretzen zen enborrari, konkretuki "Gabon-mukur", "Olentzero-enbor", "Gabon-subil", ea. Enbor honek propietate bereziak zituela esan ohi da. Horregatik abenduaren 24ko afaria enbor horren suarekin sukaldatzen zen.

Baina sutea piztea ez zen nahikoa. Batzuetan sua gau osoa mantendu behar zen; bestela urte horretan etxeko baten heriotza gerta daiteke. Beste lekuetan gau honetan pizten zen sua urteberria arte piztuta egon behar zela esaten zuten.

Herri askotan, sutea egin eta hurrengo egunean, abere guztiak pasatu behar ziren erabilitako enborraren gainetik, edo geratzen diren hautsen gainetik, animaliak babesteko. Hauts hauek izaki txarrak urrun mantentzen dituzte. Propietate bereziak zituenez, urtean zehar ekaitza bat zegoenean, enbor hori berriro sutera bidaltzen zuten, etxea babesteko.

Olerntzero-enborraz egindako suak gau osoa iraun behar izaten zuen

Ura


Suaren errituala, suteena konkretuki, bizirik dirau oraindik. Baina beste erritoekin, urarekin zerikusia dutenak hain zuzen ere, ez da horrela gertatu, eta ia desagertu dira. Orain dela urte gutxi arte solstizio egunaren aurreko gauaren ura, suteak bezala, propietate bereziak, magikoak zituela esaten zen, beste lekuetan Gabon zaharreko ura aipatzen bazuten ere.

Herri askotan, kanpaiek urtearen azken gauaren bukaera markatzen zutenean, iturri batzuetara joaten zen ura hartzera, momentu horretan hartutako ura propietate bereziak baititu, bai sendatzeko, bai magia egiteko. Abenduaren 31aren kanpai soinuekin batera hartutako urak larruzko gaixotasunaren babes onena zela, ezkabia, hazteri, legenarra, garatxoen kontra...

Nafarroako herri batzuetan jendeak udaletxe aurrean ematen zuen momentu berezi hori. Gazteek, bitartean, uraren bila joaten ziren.

Lekarozen gauerdian ibaiaren urak ardoa bihurtzen zirela esaten ohi zen, eta kasu honetan herriko neskak joaten ziren bila. Ura hartuta herriko etxe guztiak begiratzen zituzten, eta atea irekita topatzen zutenean barrura sartzen ziren eta eramaten zuten ura lo zegoen jendearen gainean botatzen zuten.


Landareak

Sua eta urari lotutako erritoak ez dira bakarrak, eta haiekin batera beste ohiturak ere mantendu dira landare eta zuhaitzei lotutakoak.
Leku batzuetan egun horretan lore sortak, gurutzeak edo koroa borobilak osatzen ziren, mota ezberdineko lore edo landareekin eginak (arrosak, elorri edota elorri zuriak...) Batzuetan landareak elizara eramaten ziren, bedeinkatzeko.

Eta guztiekin prozesu antzekoa zen: urte osoan zehar ihartzen mantendu behar ziren, momentu berezi batzuetan erabili ahal izateko. Pertsona edo animalia bat gaixotzen zenean, esaterako, edo landare horri hosto pare edo adaxka bat kendu eta sutara botatzen zen, pertsona edo animalia zaintzeko.

Hurrengo urteko solstizioa ailegatzerakoan lore sortatik geratzen zena sutara botatzen zen, sorta berria osatuz.

Neguko solstizioan bedeinkatutako loreak ekaitzetatik babesteko erabiltzen ziren