1994an Indiako gobernuak lege bat argitaratu zuen: lege horren arabera, medikuek debekatuta dute haurdun dauden emakumeei erraietan daramaten umekiak zer sexu duen esatea. Jaiotako mutiko eta neska kopuruen arteko desoreka leuntzeko zerbait egin nahi izan du era horretara gobernuak.
Zifrek erakusten dute ez dela txantxetarako gaia: 1981ean Indian 962 neska jaio ziren 1.000 mutileko; 1991n proportzioa 945:1.000 izan zen eta 2001ean, berriz, 927:1.000. Mutilen aldean gero eta neska gutxiago jaiotzeak arrazoi bakarra du: abortuaren bidez neskak suntsiarazten dira, eta Indiako kopuru handietara joz gero, milioika dira. Aipatutako proportzio horietan, gainera, India osoa hartzen da kontuan. Baina badira hainbat eskualde askoz desoreka handiagokoak: 1991n ez omen zegoen Indiako eskualde bakar bat ere 800:1.000 baino kopuru txikiagoa ematen zuenik, eta 2001ean, aldiz, 14 eskualdek gainditzen zuten –azpitik– hori.
Gai korapilatsua da, edonork ikus dezakeenez. Hasteko, emakumeen eskubideen defentsan sexu-aukeraketaren kontra ari diren militanteen argudioak eta abortuaren kontrakoak bereizi behar dira, eta ez da beti hain erraza. Bestalde, ez da bakarrik Indiari dagokion afera: Hego Koreako eta Txinako iturri ofizialek onartzen dutenez, herrialde haietan neska eta mutiko jaioberrien balantzea 855:1.000 da, eta hainbat aditu independenteren arabera, 826:1.000 da benetako balantzea. Txinaz ari garela, 1990ean ratioa 901:1.000 omen zen, eta Hainan, Guangdong eta beste zenbait probintziatan, 769:1.000ra apaldu omen da geroztik proportzio hori. Fenomeno horrek Txinan denbora gutxian izango dituen ondorioak ez dira txantxetako kontua: zenbaiten ustez, 2020an 33 milioi "guang guan" edo mutilzahar egongo dira Txinan, eta beste batzuen ustez, aldiz, 40 milioi.
Emakumeen eskubideen aldeko ekintzaileek salatzen dutenez, arazo hau ez da fenomeno berria, aspalditik ari da gertatzen Indian, Asiako beste zenbait herrialdetan bezala. Orain, ultrasoinuen bidezko eskanerren eta beste analisi-sistemen bitartez erraza da emakumeak barruan daraman umekia arra ala emea den jakitea. Abortua bera ere lehen baino errazagoa eta azkarragoa da. Baina emakumeen aldeko militanteon aburuz, oraingo abortu selektiboak nesken kontrako bazterketa-ziklo baten barruan kokatu behar dira Indian: txikitatiko bazterketa, umetako ezkontzak, dote-sistema, familia barruko bortizkeria, "ohore garbiketa" deituaren ondoriozko hilketak... "Neska izatea jaiotzatiko akats moduan ikusten da" azaldu dio ekintzaile batek idazleari.
Emakumerik ezaren krisia
Indian, 1970etik aurrera, familia txikien aldeko propaganda egin zen. Abortua legeztatu zen. Eta boladan jarri ziren familia txikiak... horretarako neskak suntsituz. Batetik, gobernuak emakumeari bultza egiten zion haur gutxi egin zitzan, eta, bestetik, gizarteak mutikoak sortzera behartzen zuen; eta bi eskari horiei erantzuteko modu bakarra dago.
1990eko hamarkadatik datoz Indiak bizi dituen beroaldi ekonomikoko urteak. Hamabost urteotan ugari zabaldu dira Mendebaldeko korporazioentzako lan egiten duten azpikontratak, ongi samar bizi diren herritarrez osatutako maila ertaina, autoen kontsumoa... eta aberatsentzako klinika sofistikatuak. Gauza arrunta bihurtu dira haurdun dauden emakumeekin erabiltzeko eskanerrak Indian, Txinan eta Hego Korean. Orain dela gutxi, Lancet aldizkariak Indiako sexu-aukeraketa ikertu zuen, eta jakinarazi zuen hori askoz nabarmenagoa zela erdi-mailako hiritarren artean landa-eremuetako baserritarren artean baino. Emakume batek zenbat eta ikasketa gehiago eduki, orduan eta gutxiago nahi du bigarren haurra neska eduki. Delhin bertan, esate baterako, auzorik aberatsenek omen dute sexu-ratiorik kaxkarrena. Aukeratzen hasita, mutikoak abantaila asko eskaintzen ditu, besteak beste abizenaren segida bermatzen du. Gurasoek semearengan dute beren zahartzarorako itxaropena. Alaba bat jaiotzen denerako haren ezkonsarian pentsatu beharra dute, eta lehen bezala orain ere familiek zorrak egin behar dituzte sarritan alaba bat ezkonduko badute. Neskatxaren birjintasuna ere zaindu behar da, eta ez da broma. Alde askotatik begiratuta, alaba bat sortzea buruhausteetarako baino ez da.
Hainbat ikertzaile ari dira sexu-desproportzio larri horien ondorioak jakinarazten. Haien ustez, bikotekiderik aurkitu ezingo duten milioika gizon horiek asko ugalduko dute kriminalitatea datozen urteetan, Txina eta Indian batik bat.
Indiako ekintzaile batzuen iritziz, jadanik nabaritzen hasiak dira ondorio horiek. Emakume-gizon oreka hobea duten estatuetara jotzen omen dute emakume bila herrialde desorekatuagoetako gero eta gizonezko gehiago. Gero eta sarriago entzuten dira, antza, emakume-trafikoei buruzko albisteak. Trafiko hori hain da larria leku askotan, ezen estatu batzuetan Gobernuz Kanpoko Erakundeak ere sortu baitira hori oztopatzeko. Gobernua, hasieran esan dugunez, sexu-hautaketaren kontrako kanpainan ari da urteotan. Baina arrakastarik gabe orain artean. Delhin bertan 845:1.000 zen proportzioa 2003an, eta 814:1.000ra jaitsi da orain. Pello Zubiria Kamino, Argia astekaria, 2006 (egokitua)
Biztanle-politika Indian
Indiako gobernua lehena izan zen jaiotzen kontrako politika bat baliatzen. 1952an programa berezi bat jarri zuen abian, publizitate ugarirekin: irrati bat ematen zien opari beren borondatez basektomia egiten zuten gizonei. Kanpaina hark aldez baino ez zuen arrakasta izan, izan ere, gizon askok ilusioa galdu zuten jabetu zirenean esterilizazioa iraunkorra zela, eta irrati-bateriak aldiz ez.
1970eko hamarraldian indar handiagoa eman zitzaion gizonezkoen esterilizazioak sustatzeko kanpainari, eta gizonezko asko esterilizatuak izatera behartu zituzten, beren borondatearen kontra. Horren ondorioz jaitsi egin zen jaiotza-tasa, baina horrek oso ospe txarra eman zion indiar herriari. Indian, Txinan bezala, langileen sektoreak aurrez aurre duen arazoetako bat da tradizioz mutikoak lehenesten direla, nesken aldean. Eta presioak horretan jarraitzen du alaba asko dituzten familien artean, seme bat edukitzen ahalegintzen baitira.
Gaur egun, Indiako biztanle-politikaren helburua emankortasun-tasa murriztea da, antisorgailuaren erabileraren bitartez, maila handi batean. Indiako bost urterako gaur egungo planaren arabera, gobernuan politika nazionalaren seigarren helburua da biztanleriaren hazkundea kontrolatzea. Gobernuak jaiotza-tasa murrizteko helburu espezifiko hau finkatu zuen: 1990ean milako 29,9tik 1997an milako 26ra jaistea, eta 2000. urtean familiako 2,1 haur edukitzea batez beste. Politika horrek, halaber, helburu zehatzak finkatzen ditu antisorgailu mota berezien erabiltzaile kopuruari dagokionez, bereziki, esterilizazio, abortu eta DIUen erabiltzaileei dagokienez.
Indiar gobernua saiatzen da antisorgailuen erabileraren bitartez aurretik finkatutako helburuetara iristen. Eskaintzen diren pizgarrien artean honakoak daude: eskola berriak, edateko ura errazteko hornikuntzak eta errepide-lotura berriak, biztanleriaren hazkundea murrizten duten eremuentzat. Diru-pizgarriak ere badaude esterilizatu nahi dutenentzat edo DIU bat jartzen dutenentzat, eta komisioak ematen zaizkie osasunaren alorreko langileei, baldin eta gizabanakoei edo bikoteei esterilizatuak izatera bultzatzen badiete. Biztanleriaren kontrola sustatzeko ahalegin horretan, gobernu zentralak Konstituzioa zuzentzea proposatu zuen 1990eko hamarraldian: Parlamentu nazionalerako hauteskundeetan edo estatuko legealdietarakoetan ez onartzea bi seme-alaba baino gehiago zituen hautagairik. Kontu hori ez da oraindik gauzatu, baina proposamenak horretan jarraitzen du.
Biztanle-politikari eusteko, indiar gobernuak familia-plangintzako zerbitzuak eskaintzen ditu eskala handian. Biztanleria kontrolatzeko sarearen muina gobernuaren ospitaleen, kliniken eta lantokien barruan dago. Zentro horietako zerbitzu guztiak erabiltzailearen eskura daude. Politika horren barruan orobat adierazten da handitu egin behar dela familia-plangintzari buruzko kontzientzia publikoa eta medikuen prestakuntza. Gobernuak informazio-kanpainak antolatzen ditu, lehen hezkuntzako programak eta helduentzakoak, eta komunitateko langileak trebatzen ditu landa-eremuetan familia-plangintza sustatzeko. Gobernuaren programa askotan motibatzen dira bikoteekin hitz egin eta haien erreprodukzio-jardueren erregistro bat egiten duten langileak.
Biztanleriaren kontrolerako ahaleginak handiak izan badira ere, apalak izan dira emaitzak, oro har. 1975ean, Indiako jaiotza-tasa 38,2koa zen mila pertsonako, eta 1995ean tasa hori 29,1era jaitsi zen mila pertsonako; 2000. urtean mila pertsonako 25,2 haur jaiotzen ziren. Edonola ere, alde handiak daude Indiako eskualde batzuetatik besteetara, eta horrek hainbat datu erabilgarri ematen dizkigu; Uttah Pradesh estatuan, esate baterako, jaiotza-tasa milako 40koa da, baina Keralako hegoaldeko estatuan, jaiotza-tasa milako 18koa baino ez da.
- Antisorgailuen ezagutza zabaldu ahala, murriztu egin zen emankortasuna.
- Emankortasunaren beherakada oso azkarra izan zen 30 urteko epean, emankortasuna herrialde garatu batean ohikoa den mailara iritsi zen, ordezkapen-mailatik behera.
- Emankortasunaren beherakada eta emakumeen alfabetismoaren igoera elkarri estu lotuta daudela ematen du.
- Emankortasuna gehiago jaitsi zen musulman ez zirenen artean, musulman zirenen artean baino, eta antisorgailuak errazago hartzen dira erlijioa edo gizarte-arauak urratzen ez diren eremuetan.
Keralarentzat, emankortasunak behera egin du emakumeen artean alfabetismoak gora egin duelako. Keralak emakumeen alfabetismoa hobetzea lortu du, 3 arrazoiren ondorioz.