- ageri diren pertsonak
- paisaia
- objektuak
- koloreak
- konposizioa
- etab.
Aipatutako elementuak modu batera edo bestera irudikatzeko, enkoadraketa, ikus-angelua, argia eta abar baliatzen dira.
Planoak filmatutako eszena edo irudi bat enkoadratzeko moduak dira, argazki edo bideoa egitean, bisoretik ikusten dugun espazioa, enkoadraketa, hau da, espazio errealaren zati bat da.
https://dl.dropboxusercontent.com/s/krggfrinw3nda44/elLenguajeIconicomultimedia.swf
Planoak hiru motatakoak izan daitezke: espresiboak, narratiboak eta deskriptiboak.
- Plano espresiboak erabiltzen dira pertsonaiaren barne egoera, pentsamenduak eta sentimenduak azaltzeko. Plano espresiboen artean, honako hauek ditugu: lehen planoa, plano ertaina, plano amerikarra, plano osoa eta xehetasunezko planoa.
Lehen planoan, aurpegiak hartzen du enkoadraketaren zati nagusia. Begirada, ahoa, aurpegiera nolakoa den (lasaia, larria…). Pertsonaren barne-mundua erakustea du helburu.
Plano ertainean, pertsonaiaren gerritik gorako irudia ageri da: burua, soin-enborra eta besoak. Pertsonaia ekintza bat egiten azaltzeko aukera ematen du.
Plano amerikarrean, pertsonaia belaunetatik mozten da, beraz, oinak ez beste gorputz-atal guztiak ikusten dira. Western generoko filmen beharrei erantzuteko sortu zen, ezinbestekoa baitzen borroka edo dueluetan pertsonaien pistolak ere erakustea.
Plano osoan, pertsonaiaren gorputz-atal guztiak ageri dira. Pertsona bere osotasunean hartzen duen planoa da.
Xehetasunezko planoan, objektu edo ekintza baten xehetasuna erakusten zaigu, begirada bat… Ondo aukeratua eta esanguratsua den xehetasuna izaten da.
- Plano narratiboa pertsonaiaren eta ingurunearen arteko harremana nabarmendu nahi denean erabiltzen da. Beraz, planoan pertsonaia ingurune jakin batean kokatuta ageri da.
- Plano deskriptiboa erabiltzen da enkoadraketak, pertsonaia baino gehiago, ingurunea nabarmendu nahi duenean (paisaia, hiria, etxea, kalea…).
Enkoadraketaz gain, ikus-angeluak ere planoa osatzeko aukera eskaintzen du. Ikus-angelua kamerak pertsona, eszena edo objektuarekiko hartzen duen posizioa da. Izan daiteke parekoa, pikatua edo kontrapikatua.
- Pareko planoa: kamera argazkia ateratzera edo filmatzera goazen pertsonaia, objektu edo eszenaren altura berean jartzen denean, dela aurretik, atzetik edo albotik.
- Plano pikatua: kamera pertsonaia, objektu edo eszena baino gorago jartzen denean. Kamera goian jartzean, txikituta ikusten dira pertsonaia, objektua edo eszena; kamera zenbat eta gorago, orduan eta txikiagoa irudia. Posizio hau erabiltzen da pertsonaia minimizatzeko edo barregarri uzteko, gutxiagotasunezko egoerak deskribatzeko.
- Plano kontrapikatua: pikatuaren kontrako egoera da, hau da, kamara pertsonaia, eszena edo objektua baino beherago jartzen da. Ondorioz, irudiek indar handiagoa hartzen dute. Nagusitasunezko egoerak deskribatzeko erabiltzen da.