Orriak

EZIN DITUGU ETORKIN GEHIAGO ONARTU: GEHIEGI DIRA

Albistea

DAVID PÉREZ, eitb.com, 2014/02/28

210 etorkin sartu dira Melillan, hesia gaindituta. Melillara sartu bezain laster, etorkinentzako aldi baterako zentrora abiatu dira, garaipen oihuen artean.

http://www.eitb.com/eu/albisteak/gizartea/osoa/2038586/etorkinak-melillan--ehundik-pertsonek-hesia-gainditu-dute/

214 etorkin sartu dira Melillan goizeko lehen orduan, hesia gaindituta, polizia-iturriek jakitera eman dutenez. 2005. urtetik, Melillara sartu den etorkin kopuru handiena izan da gaurkoa. Beni Enzar izeneko gunetik sartu dira eta segituan etorkinentzako aldi baterako zentrora abiatu dira garaipen oihuen artean. Carlos Montero zentro horretako zuzendariak azaldu duenez, litekeena da datozen orduetan etorkin gehiago iristea eta aldi-baterako zentroan dagoeneko 1.300 pertsona daudela ohartarazi du, nahiz eta 480 pertsona hartzeko gaitasuna besterik ez izan.

Albisteak sortutako iruzkinak

Xabi1992: 
Berrehun eta piku etorkin gehiagori jaten eman behar. Ez al dira konturatzen lehendik etorkinez beteta gaudela? Ba… bai… Melillatik Tarifara eta gero Euskal Herrira, gero eta gehiago datoz. Gure herriak immigratzaileez josita daude, ia-ia hemen jaiotakoak bezain beste dira!.

Skywalker: 
Baina jende horrek ez al daki hemen krisia dagoela? Oraindik ez dute ulertzen hemen ez dagoela denontzako lekurik?

Getxoztarra: 
Bua txabal, ez nau harritzen jende uholde horrek etortzen jarraitzeak. Etorkinen erdia baino gehiago Afrikatik pateran datorkigu. Normal… Etorkinentzako zentrora eraman eta osasun eta sukalde zerbitzuak ematen badizkiete berriro ere garaipen oihuen artean sartuko dira. Goxo-goxo tratatzen ditugu eta…

Ainho_12
Hasi al zarete komentario arrazistekin! Pertsona guztiok nahi dugun tokian bizitzeko eta munduan zehar libreki zirkulatzeko eskubidea dugu. Halere, badirudi eskubide hori guk bakarrik dugula. Gu lan bila Alemaniara joan gaitezke baino gurera ezin dute gainerakoek etorri! Zergatik ez zarete bestearen lekuan jartzen…

Getxoztarra: 
Et et et… ni ez naiz arrazista, errealista baizik. Gauzek muga bat izaten dute. Hemen aspaldidanik gaindituta gaude eta doazela haien beharra dagoen lekura

Getxoztarra:
Ni kezkatzen nauena zera da, Euskal Herrian etorkinen kopurua geroz eta gehiago dela, bertakoek alde egin behar dugunean…

Grafikoak


Egilea: Gaindegia, Espainiako Estatistika Instituto Nazionalaren datuetan oinarrituta, 2001-2013


Egilea: Gaindegia, Espainiako Estatistika Instituto Nazionalaren datuetan oinarrituta, 2011
Elkarrizketa



Miguel González Martín, Eusko Jaurlaritzaren Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko zuzendaria.

-Euskal Herrira iritsi den etorkinen kopuruaren joera nolakoa da?

-Lehenik eta behin, bertako biztanleen pertzepzioa da hemen dagoen etorkin kopurua benetan dagoena baino askoz handiagoa da; errealitatean dagoena baino hiru aldiz handiagoa. Bestetik, azken urteetan gure herrira iritsi den etorkinen kopurua egonkortu egin da. Gainera kontutan hartu behar dugu, 1998-2010 EAEko biztanleriak 80.000 pertsonako hazkundea izan zuen. Hazkunde hori iritsitako etorkinengatik izan zen, etorkin horiek iritsi ez balira, EAEn ia 45.000 pertsona gutxiago biziko lirateke Eustaten, hau da, Euskal Estatistika Erakundearen arabera. Alegia, geroz eta zaharragoa den gure gizarteak eta ekonomiak immigranteen beharra du.

-Immigrazio-gaiak ez al dira aurreiritziz betetakoak?

-Aurreiritz asko daude bai, adibidez, sarritan uste izan da Espainiara sartzeko bide nagusiena paterak izaten direla. Baina immigratzaileen %1k soilik erabiltzen du bide hori, Espainiako Gobernuaren datu estatistikoen arabera. Gehienak, hegazkin bidez sartu ohi dira (%62,7) eta bigarren bide erabiliena auto edo autobusak izan ohi dira.

Ondoko lana aintzat hartuta osatutako elkarrizketa: Eusko Jaurlaritzaren Immigrazio eta Aniztasuna Kudeatzeko zuzendaritza, “Aurre egin zurrumurruari”, 2012