Orriak

Elkarrizketa: Josune Aiestaran (Irurako Ikastolako zuzendaria):

Josune Aiestaran

Orain dela 31 urte iritsi zen Gipuzkoako Irura herrixkara Josune. Bertako ikastolako aurreneko irakasleetariko bat izateaz gain, azken sei urteotan zuzendari kargua betetzen du. Kilometroen atarian azken orduko xehetasunetan murgilduta dago.




Kilometroetan, paella erraldoia eta zeliakoentzako janaria egongo da

ZuriƱe VELEZ DE MENDIZABAL
Argazkiak: EUSKONEWS GAZTEA

Azken aldian Irurako Ikastolari buruzko albisteak entzutea ez da arraro egiten. Urriaren 5ean Kilometroak 2008 ospatuko dute eta urduritasun puntu bat atzematen da bertakoen artean. Dena prest daukate, eta egun handia noiz iritsiko zain azken uneko kontuak argitzen dabiltza. Protagonista izango den ikastolaren gainean gehiago jakin nahian zuzendariarekin egin dugu hitzordua.

Nor dugu Josune Aiestaran?

Irurako Ikastolako zuzendaria naiz Marisa Alvarezekin batera. Bion artean eramaten dugu ikastola eta duela 31 urtetatik nago Iruran.

Beraz, urte mordoxka bat ditu ikastolak.

Hala da, 1977. urtean sortu zen, eta ni neu aurreneko irakasleetariko bat izan nintzen! Momentu hartan euskara galtzeko zorian zegoen. Paper-fabrika bat zegoen hemen eta etorkin asko eta asko mugitu zen Irurara. Herriko gazteek talde bat sortu zuten eta beraiek izan ziren ikastolaren bultzatzaileak. Garai hartan bazeuden eskolak herrian, baina ume guztiak gureganatzen joan ginen eta azkenean itxi egin zituzten ateak.


Herriko jendeak gaztelaniaz egin arren euskal kontzientzia zuen...

Bai, bai. Hala ere, momentu batean larritasuna ere pasatu genuen, ez pentsa! Baina lortu genuen egoerari buelta eman eta aurrera egitea. Bestalde, ni hona iritsi nintzenean herriak 700 biztanle zituen eta gaur egun 1500 inguru ditu, eta jende gaztea da gehiena. Etorkizuna ziurtatuta daukagu.

Gaur egun, zein da zuen eskaintza?

Bi urtetatik hasi eta hamabi urte bete arteko hezkuntza eskaintza daukagu. Haur hezkuntza eta Lehen Hezkuntza osoa egin daitezke bertan (azken hau, iaztik da posible). Gure instalazioen artean, plazako eraikina eta herriko ludoteka-eta daude. Gainera, Lehen Hezkuntza osatzen joan garen heinean toki desberdinetan egon izan gara. Guzti horretaz gain, iazko irailean etorri ginen eraikin berrira.

Lehen Hezkuntza aukera berria da beraz. Nolakoa izan da prozesua?

Hasieran gure umeak Lehen Hezkuntza egitera Anoetako ikastolara joaten ziren. Herrian gorakada nabaritu zenean (eraikin berriak, jende gaztea etorri zen bizitzera...) hasi ginen buruari buelta batzuk ematen; duela bospasei urte izan zen hori. Garbi geneukan herrian eraikin berri bat egin behar zela, bestela lo-herri soila bilaka zitekeen Irura.

Herriko leiho zein balkoietan
Kilometroetako lema eta logoa ikus daitezke.
Nola jarri zineten martxan?
Guraso batzorde bat osatu genuen berehala. Sei urtez lan asko egin dugu, gorabehera handiekin, egia esan. Dirua izan da horietariko bat, baina lortu dugu nahi genuena, eta esan beharra daukat, buruan darabilgula beste eraikin bat egiteko ideia; denok toki berdinean egongo ginateke hala.

Normalean ikastolen aldeko festek helburu jakin bat izaten dute. Zein da zuena?Batez ere helburu ekonomikoa dugu. Bestetik, herria kohesionatzea da asmoa. Hau da, herri berria da eta kanpoko jende ugari dago. Hasiera batean lotarako herria da Irura, baina haurrak hemengo ikastolan matrikulatu eta beraien artean taldeak osatzen dira... Hori bultzatu nahi dugu.

Festa antolatzeko laguntza jaso al duzue?

Badaukagu horrelako ohitura "natural" bat; hots, hemendik Anoetara joaten gara ikastera, eta ondoren Tolosako Laskorain Ikastolara. Lotura hori dela eta, Anoetari ibilbidearen erdia egokitu zaio... Irurak ez baitauka toki fisikorik! Laguntza arazorik gabe jaso dugu. Eta lanerako ere bailara guztira luzatu genuen deia. Batzordeak osatu dira eta Tolosa zein Anoetak batzorde bana sortu dute, batez ere jendea biltzeko.

Eguna iristeko ez da horrenbeste denbora falta...

Hala da, bai. Urtean zehar antolaketa lana egin ondoren egiaren ordua iritsi da. Hala ere, lehenengo "azterketa" bat eginda daukagu, batzorde guztiak bildu eta lanean ibili baikinen. Horrek konfiantza eman zigun, dena oso ongi irten zen eta. Orain baina, beste bolumen bat dauka egoerak... Urduri baino, lanpetuta nagoela esango nuke! (barre)

Aurtengo leloa: Eraikitzen.

Esanahi asko dituen hitza: Ikastola berria eraikitzen, herria bera eraikitzen...


Eta hiru buruko ikurra, irudia.

Gehien gustatzen zaidana da. Azken batean gure ikasleek egiten duten ibilbidea adierazten du: Iruran hasi, Anoetara joan eta Tolosan amaitzen dutela, alegia.

Dena zehaztuta duzue egun handirako. Ba al dauka nobedaderik egitarauak?

Ibilbidean zehar bi gune berezi atonduko ditugu amek umeei bularra eman zein fardelak aldatzeko aukera izan dezaten; bata Anoetan eta Irurako plazan bestea. Bestalde, Tolosa zein Billabona eta Andoaindik datozenei bizikletan etortzeko deia egiten diegu. Bide gorria dago eta gainera txirrinduak gorde eta horiek zainduta egoteko aparkaleku bat jarriko dugu. Tren zerbitzua ere primerakoa dugula ahaztu gabe! Bestalde, Anoetako plazan Laskorain ikastolak paella erraldoia egingo du eta gainera zeliakoentzako janaria ere eskura egongo da.

Hortaz, ez dago aitzakiarik urriaren 5ean Kilometroetan parte ez hartzeko...

Hori da. Jende guztia animatu nahiko nuke, askotariko ekintzak prestatu ditugu; haur, gazte zein helduentzako makina bat ekimen sei kilometro eta erdian banatuta. Gainera denon laguntza behar dugu!