Orriak

Txina

Leundu egin ditu bi seme-alaba izateko baldintzak

Hemendik aurrera, gurasoetako bat seme edo alaba bakarra baldin bada, bikoteak bi haur edukitzeko eskubidea izango du

Aurrerantzean, Txinako bikote gehiagok izango dute bi seme-alaba edukitzeko eskubidea. Txinako Alderdi Komunistak azaroan iragarritako hainbat neurri onartu zituen atzo Herri Biltzar Nazionalak, besteak beste, familia-plangintzari dagozkionak, ordu arteko haur bakarraren politika arinduz.

1970eko hamarkadaren amaieraz geroztik, legez arautua egon da bikote bakoitzak eduki lezakeen seme-alaba kopurua. Gehiegizko populazioak eragindako arazo demografikoak saihesteko, auzi estrategikoa bihurtu zen familia-plangintza estatuarentzat. Xinhua berri-agentzia ofizialaren arabera, neurri hori indarrean egon izan ez balitz, gaur egun 400 milioi biztanle gehiago edukiko lituzke Txinak.

Haur bakarraren politikak hainbat desoreka ekarri ditu, ordea. Biztanleria aktiboa urtez urte ari da jaisten, nabarmen gainera: 2012an kalkulatu zutenez, urtean 3,45 milioi pertsona gutxiago daude lan egiteko adinean, eta 2023tik aurrera zortzi milioi gutxiago izango dira. Gizartea, oro har, zahartuz doa —2050erako, herritarren laurdenek 65 urte baino gehiago izango dituzte—, eta ohikoa bihurtzen ari da bikote bakoitzak lau guraso zaindu behar izatea. Horrek kritika ugari ekarri dizkio Pekini, hainbatean familiek ezin dietelako zaintza horien ondoriozko kostuei aurre egin; eta, besteetan, ez datorrelako bat Txinako belaunaldi gazteek daramaten bizimoduarekin. Udaz geroztik indarrean da seme-alaba helduak adineko gurasoak zaintzera behartu ditzakeen lege bat.

Haur bakarraren legearen ondorioz, bestalde, familia askok semea izatea lehenetsi dute alabaz haurdun zeudela jakitean. Horrek, alde batetik, neskak abandonatzea eta abortu arriskutsuak ugaritzea ekarri du; eta, beste alde batetik, etorkizunean gizonezkoen eta emakumezkoen arteko desoreka handia izango dela diote iragarpen demografikoek.

Baldintza malguagoak

Legeak zenbait salbuespen onartzen zituen orain arte. Bikote batek bi seme-alaba izan zitzakeen, baldin eta bi gurasoak haur bakarrak baziren, edo bietako bat gutxiengo etniko bateko kidea bazen. Landaguneko familiek ere bigarren haurra eduki zezaketen, lehena neska izanez gero. Aurrerantzean, gurasoetako bat seme edo alaba bakarra izanez gero, bi ume edukitzeko eskubidea izango du.

Baldintzak arintzeko ahalegin horrek ez du esan nahi, ordea, estatuak familia-plangintza arautzeari utziko dionik, ohartarazi du Jiang Fan-ek, Herri Biltzar Nazionaleko kideak: «Txinak biztanle asko ditu oraindik, eta hori ez da aldatu: gure arazo ekonomiko eta sozialetako askok eta askok errealitate horretan dute jatorria. Biztanleria neurririk gabe hazteko arriskua dago».

Txinako Konstituzioan idatzita dago ugalketaren legea, eta horregatik behar da organo legegile gorenaren onespena edozein aldaketa egiteko. Halakoek indarrean jartzea, ordea, barruti administratibo bakoitzaren esku utzi du gobernu zentralak. Hiriguneetan eta eskualde industrializatuetan datorren udan indarrean jartzea espero dute. Pekingo parlamentua hasia da horretarako erreformak aztertzen, eta martxorako moldaketak prest izango dituela iragarri du.

BERRIA, 2013ko abendua

http://paperekoa.berria.info/harian/2013-12-29/016/001/txinak_leundu_egin_ditu_bi_seme_alaba_izateko_baldintzak.htm

2020an emakumeak baino 24 milioi gizon gehiago izango dira

Txinan, 2020. urtean, emakumeak baino 24 milioitik gora gizon gehiago izango dira, ikerketa baten arabera. Seme-alaba bakarraren politikaren ondorioetariko bat da desoreka hori. Fetuaren sexuaren araberako abortu selektiboak ohikoak direla ohartarazi du txostenak.

Haur bakarraren politikak desoreka handia sortu du Txinan gizon eta emakumeen artean. 1982an, 100 neskako 108 mutil jaiotzen ziren. Gaur egun, 119, Familia Plangintza Batzordearen arabera. «Mirror» egunkariak eskualde batzuetan 100 neskako 130 mutil jaiotzen direla plazaratu zuen. Normalena, 100 neskako 103-107 mutil jaiotzea izango litzateke. Egoerak horretan jarraituz gero, 2020an emakumeak baino 24 milioitik gora gizon gehiago izango dira Txinan. Gizarte Zientzien Akademiak aditzera eman duenez, oraindik ere abortu selektiboak oso ohikoak dira, nekazaritza-inguruetan batez ere. Kultura nahiz tradizioari lotutako arrazoiak direla-eta, familiek nahiago dute jaioberria mutila izatea neska izatea baino.

Biztanleriaren zati handi batek ez du erretirorik, ez eta gizarte-babesik ere. Hala, semearekiko mendekotasun handia izan ohi dute zahartzaroan; emakumeak, ezkontzean, senarraren familiarekin bizitzera joan ohi dira-eta. «Nekazari adinduenek ondorengoen beharra dute bizirik irauteko, eta horrek larritu egiten du arazoa», azaldu zuen Wang Guangzhou ikertzaileak. Aipaturiko Akademian lan egiten du, Lan eta Biztanleria Institutuaren barruan. Landa-eremuetako ohituren arabera, gizonak bere familiaren ardura hartu behar du. Emakumeak, berriz, senarraren familiarena.

Horrez gain, umekiak zer sexu duen jakiteko tekniken erabilerak areagotu egin du desoreka. Medikuek debekatuta badute ere fetuaren sexua zein den esatea, bikote askok, neska dela jakiten dutenean, nahiago izaten dute umea galdu, mutila edukitzeko ahaleginean jarraitzeko. Beste askok, berriz, umezurztegi batean uzten dute neskatoa. Txinako Gobernuak seme-alaba bakarra izatea ahalbidetzen du, salbuespenak salbu. Demografia-hazkundea kontrolpean izateko hartu zen erabakia, 1.300 milioi txinatar baitira guztira. Gobernuak berandu ezkontzea gomendatzen du. Datu ofizialak oinarri hartuta, 1970eko hamarkadaren amaieran politika hori abiarazi zenetik 400 milioi jaiotza ekidin dira.

Aitzitik, gizartearen garapenerako ondorio larriak izan ditzake horrek epe ertainera. «Eremu behartsuenetan bizi diren gizonak nahi baino beranduago ezkontzea edo ezkongabe gelditzea ekarriko du horrek. 40 urte baino gehiago baditu, nekez ezkonduko da», ohartarazi zuen Wang Yuesheng adituak.

Bikotekideen arteko adin aldeak, halaber, gora egingo du.

Emakume gabezia horrek indartu egin ditu bai prostituzioa bai emakume-trafikoa. Hainbat kasutan, beraiek hautatu ez duten gizonarekin ezkontzera behartzen dituzte.

GARA 2010eko urtarrila

Gehiago jakiteko:

http://www.china-files.com/es/link/26462/china-envejece-este-ano-los-ancianos-superaran-los-200-millones

http://china-files.com/es/link/18506/los-retos-de-la-politica-del-hijo-unico

http://www.china-files.com/es/link/5914/para-2020-24-millones-de-chinos-estaran-condenados-a-la-solteria#