Hilero 1.000 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian 2011n
URKO APAOLAZA, ARGIA, 2012/01/04
http://www.argia.com/albistea/13000-langabe-gehiago-2011n-hego-euskal-herrian
Langabezia %7,4 igo da urtebetean Hego Euskal Herrian. 2011 urte amaieran 192.340 langabe zeuden izena emanda lau lurraldeetako langabezia bulegoetan, aurreko urtean baino 13.000 gehiago. Datua gordinagoa da azken urteetako bilakaera ikusiz gero: 2007 amaieran 96.157 pertsona zebiltzan lan bila, lau urte beranduago ia 100.000 pertsona gehiago daude egoera horretan, eta langabezia tasa bikoiztu egin da beraz. Egun %14,03koa da langabezia tasa, Espainiakoa baino zortzi puntu baxuagoa (%22) eta Frantziakoa baino ia bost puntu altuagoa (%9,3).
Albisteak sortutako iruzkinak
Anboto99:
1000 langabetu gehiago, milaka etorkin gehiago iritsi direlako. Joan daitezela etorkin alper horiek etorri ziren bidetik eta arazoa bi egunetan konponduko dugu. Gure herriak immigratzaileez josita daude, ia-ia hemen jaiotakoak bezain beste dira!
Belar-meta:
Anboto99, benetan, onar ezazu arazo bat daukazula! Orain krisiaren eta langabeziaren errua ere etorkinek dute, ezta! Tira! Atzerrian jaiotako askok lan egiten dute, ekarpena egiten dute eta horiei esker Euskal Herriko adinduek haien pentsioak jaso ditzakete.
Hiroshima:
Ke rayada!, belar-meta, zer zara moja edo fraide bat edo, ez diezazula mezetako kontu gehiago kontatu… Baina etorkinek guri kentzen digute lana! Joan daitezela beren etxera eta nik egingo dut lana eta ordainduko diet pentsioa nire aitona-amonei.
Pantani:
Baina etorkin gajoak haien bizimodua ateratzera etortzen dira hona. -Getxoztarra: Ni kezkatzen nauena zera da, Euskal Herrian etorkinen kopurua geroz eta gehiago dela, eta beraz bertako gazteak Alemaniara joan behar lan bila …
Grafikoa
Egilea: Gaindegia, Espainiako Estatistika Instituto Nazionalaren datuetan oinarrituta, 2001-2013 |
Gorka Moreno, Ikuspegi, Eusko Jaurlaritzaren Immigrazioaren Behatokiko zuzendaria |
-Erraz topatzen al dute etorkinek lana Euskal Herrian?
-Eusko Jaurlaritzak duela bi urte egindako azterketa batek frogatu du bertakook utzitako zuloak edo hutsuneak betetzen dituztela etorkinek. Etorkinen artean lanik ohikoena etxeko lan eta zaintzarena da. Oro har, lanpostu okerragoak eta soldata baxuak dituzte. Bertakoen gehiengoa ongi bizi garela erakusten dute datuek, eta kanpotik etorritakoen gehiengoa berriz, egoera txarrean.
-Baina krisi garaiotan, ez al dira gure konpetentzia?
Bertan jaiotakoen egoera ekonomikoa zenbat eta hurbilago egon etorkinenetik, orduan eta okerragoa da atzerritarrenganako dugun iritzia. Lan egoera txarrean daudenak, langabezian daudenak, gizarte-laguntzak jasotzen dituztenak… agertzen dira guk egindako ikerketetan immigranteak begi txarrenez ikusten dituztenen artean, lehiakidetzat dituztelako. Bada, batetik, Eusko Jaurlaritzak 2012an kaleratutako EAEko datuen arabera, krisiaren eraginez pobrezia egoeran dauden bertakoen portzentajea %3,3 da, eta immigranteena %39,9. Eta bestetik, benetan konpetentzia balira, zilegi litzateke, ala ez dituzte gure eskubide berak merezi?
Ondoko artikuluan oinarrituta osatutako elkarrizketa: “Krisiak areagotutako topikoak desegiten”, Argia, 2013/03/31, http://www.argia.com/argia-astekaria/2363/etorkinak